2019(e)ko maiatzaren 11(a), larunbata

Ipuina: HARRI ZOPA


Orain dela urte asko, herrialde batean gerrate gogorra gertatu zela. Dakizuen bezala, holakoak gertatzen direnean inbiriak, desadostasunak, arazoak, hilak eta gose handia sortzen dira. Herrialde horretako jendeak ez zeukan baratzarik, ezta ogia egiteko irinik ere. Gerratea bukatzean, herri txiki batera, oso gosetuta zegoen saldadua iritsi zen. Altua eta argala zen. Nekatuta zegoen eta itxura larria zuen.

Etxe baten aurrean jarririk, atea jo eta bertako andreari esan zion: “etxekoandrea, ogi piska bat ez al duzu izango?”. Etxekoandreak goitik behera begiratu eta erantzun zion: “Erotuta al zaude? Ez al dakizu ogirik ez daukagula? Ez al dakizu guda eta gero ez daukagula ezer? Nola ausartzen zara…?” Eta ateari danbateko bat emanik etxetik kanporatu zuen. Gure soldadua etxez etxe aritu zen herrixka guztian ezer lortu gabe.

Azkenean, herriko garbitokian bukatu zen. Hantxe neskatxa batzuk zebiltzan arropak garbitzen. Soldaduak galdetu zien: “Harri zopa inoiz dastatu al duzue?” Neskatxek iribarrez esan zioten: “Harri zopa…? Ez dago dudarik, zu erotuta zaude”. Soldadua, etsita, joateko keinua egin zuen. Une horretan, garbitokitik gertu zelatan zeuden mutil batzuk hurbildu zitzaizkion eta: “Zertan lagun zaitzakegu?”. Soldaduak lapiko handi bat eskatu zien, baita harriak, ura eta sua egiteko egurra ere.

Mutilek ziztu bizian soldaduak eskatutakoa ekarri zuten. Denborarik galdu gabe sua piztu zuten, lapikoa suaren gainean jarri, urez bete zuten eta harriak barrura bota zituzten eta… Ura irakin hasi zen. Mutilak urduri zeuden. Soldaduak zopa dastatu eta: Mmmmm… ona dago bai, baina gatz piska bat falta zaio. Soldaduak esan orduko, mutiltxo batek gatza ekarri zuen. Denboratxo bat pasa eta soldaduak berriz: “Mmmmm… ona dago bai, baina tomate piska bat falta zaio”. Beste muitil bat, tximista balitz bezala, tomatea ekarri zuen etxetik. Eta horrela, gure mutilek patatak, arroza, oilasko piska bat… ekarri zuten lapikoa erabat bete zen arte. Gure soldaduak zopa irabiatu eta datatu egin zuen : “Mmmmmm… Nire bizitzan egin dudan harri zopa ederrena da. Atozte, atozte guztiok honera, guztiontzako zopa dago eta!”.

Herri guztia hurbildu zen bertara. Hasieran, piska bat lotsatuta zeuden; ogia ez zegoen arren, guztion artean zopa ederra egin zuten eta. Egun horretan herriko jendeak zeukan gutxia konpartitzen ikasi zuen.

Gogoetarako galderak:


  • Zer kontatzen du ipuinak?
  • Zein da ipuinaren mezua?
  • Zer gauza sinplea konpartitu dezakezu zuk besteekin?
  • Zer gustatuko litzaizuke besteengandik jasotzea?
  • Zein gauza txiki egin ditzakegu guztion artean ZOPA ederra egin ahal izateko?

2019(e)ko maiatzaren 4(a), larunbata

Gogoeta: Nirekin, zurekin, elkarrekin SOLIDARIOAK izan gaitezen!

Santa Juanaren antzera,

Nirekin, zurekin, elkarrekin SOLIDARIOAK izan gaitezen!

Hilabete hau oso berezia da gure eskolarentzat eta munduan zehar Mariaren Lagundiak dituen beste eskolentzat ere. Gure fundatzailearen eguna ospatuko dugu eta hori ez da txantxetako gauza! Eskolan hasi zinetenetik entzun diguzue irakasleoi Santa Juanaren inguruan hitz egiten eta egindako lan izugarria goraipatzen. Baina gure helburua ez da bere istorioa buruz ikastea, baizik eta Santa Joanaren pausuak jarraitzea da gure helburu nagusia, alegia.



Urtero Juanaren ezaugarrietako bat izaten da protagonista, eta aurtengoan “SOLIDARIO izatea” izango da. Juanak asko sufritu zuen bere bizitzan zehar izandako arazoengatik, baina guztietatik aurrera eginez atera zen. Nola lortu zuen? Ba ez dago misterio handirik; bere nahiari esker atera zen aurrera, beti bere bihotzari entzuten baitzion. Zenbaitetan nahi ditugun gauza guztiak ezin ditugu bakarka egin. Joana oso emakume eta pertsona onez inguratu zen.

Gu ere egunero pertsonez eta lagunez inguraturik gaude eta hauekin harremanetan egotea ezinbestekoa da. Batzuetan ez da erraza gauzak guk nahi ditugun bezala egitea, besteekin adostasun batera iritsi behar dugu eta. Baina horretaz gain, oso garrantzitsua da gure inguruko pertsonak oso ondo zaintzea. Eta horretarako daukagun armarik handiena maitasuna eta solidario izatea da. Gure lagunak maitasunez tratatzen baditugu eta gugatik egiten dituzten gauzengatik eskerrak ematen baditugu, zaila izango da arazoak sortzea.

Ez zaigu gehiegi kostatzen eskerrak ematea, azken batean hitz bakarra da. Baina benetan bihotzetik ateratzen bazaigu, guztiz baliotsua izango da ingurukoekin gustura sentitzeko. Guztiei gustatzen zaigu egiten ditugun gauzengatik eskerrak ematea; eta horretarako guk ere eskerrak ematen ikasi beharko dugu. Ez ahaztu HAITIn dugun BEDOUko proiektuko pertsonak gurekin erabat kontent daudela, azkenean beraien eskola mantentzea lortu dute eta. Hala ere, guk ere beraiei eskerrak eman behar dizkiegu, asko ikasten ari baikara, besteak beste, solidarioak izaten.

Beraz, Santa Juanaren antzera,
Nirekin, zurekin, elkarrekin SOLIDARIOAK izan gaitezen!



2019(e)ko apirilaren 27(a), larunbata

Gogoeta: Aste Santua eta ikasturtearen azken txanpa

Kaixo lagun eta ongietorri:

Zer moduz igarotako azken bi aste hauek? Non ibili zara? Atsedena hartu al duzu? Zer da gehien gustatu zaizuna deboralditxo honetan?

Oporrak bukatu eta ikasturtearen azken txanpan sartu gara eta guk ONGIETORRIA ematen dizugu.
ANIMO ikasturtearen azken txanpa honetan! Bukaera polita izan dezazula!

Honekin guztiarekin batera, azkeneko bi aste hauetan Jesusen heriotza eta piztuera ospatu dugu. Ondoren duzun bideotxoan laburki azaltzen den bezala:




Bideoan ikusi dugunez, JESUS HEMEN dago, JESUS GUREKIN dago.

Bideoko zein egoeratan piztu da Jesus? Bideoko zein egoeratan mundua hobetzen da?

Besteen alde gauza on bat egiten dugunean Jesus hemen dago.

Zein gauza ona egin dezakezu zuk ikasturtea ondo amaitzeko? Zein gauza egin ditzakezu besteen alde ikasturtearen bukaera zaintzeko?

2019(e)ko apirilaren 7(a), igandea

Dinamika: GARIZUMAko keinua

Ondoren duzun bihotza, tiritak erabiliz, konpon ezazu. Konpondu aurretik (tirita jarri aurretik) jar ezazu bertan asmo on bat.

Egizu zure esku dagoen guztia ipuineko arotza bezalakoa izateko eta beti giro atsegina eragiteko bereziki Garizuma garaian.




2019(e)ko martxoaren 30(a), larunbata

IPUINA: Nirekin, zurekin, elkarrekin GARIZUMAn zehar

Bi anai elkartasunean eta harmonian bizi izan ziren urte askoan. Bakoitzak bere baserri-etxea zuen, baina bata bestearen auzoko ziren. Egun batean, gatazka serioa izan zuten, inoiz izandako arazorik larriena. Hainbeste urtean auzoko izan, tresneria konpartitu eta uztak eta ondasunak trukatu edo elkarri eman ondoren,… haserretu egin ziren. 

Gaizki-ulertu txiki batez hasi zen dena… eta handituz joan zen. Azkenean, hitz garratzak esan zizkioten elkarri… eta batak bestearekin hitz egiteari utzi zioten.  
Goiz batean norbaitek anaia nagusiaren etxeko atea jo zuen. Atea irekitakoan gizon bat ikusi zuen. Hark: 

  • Egun batzuetako lanaren bila nabil. Arotza naiz. Beharbada, zuk, zure baserri-etxe honetan, zenbait konponketa-lantxo izango dituzu. Neuk egingo nizkizuke 
  • Bai -esan zion anaia nagusiak-. Lan bat dut zuretzat. Hara, errekaren beste aldean nire auzokoa bizi da; egia esan, nire anaia gaztea da. Joan den astean belardi eder bat genuen etxe bien artean, nolabait batzen gintuena, baina berak errekaren ibilgua desbideratu du, belardia erdibitzeko eta gu eta gure etxeak errekaren alde banatan uzteko. Ni haserretzeko egin du hori, baina orain handiagoa egingo diot nik –esan zuen amorruz.  

Ikusten duzu aletegi ondoan dagoen egur-pila? –galdetu zion arotzari-. Egurrez baliatuz, metro biko altuerako hesia egitea nahi dut; ez dut anaia berriz ikusi nahi.  

Arotzak: 

  • Uste dut ulertzen dudala egoera. 

Anaia nagusiak behar zuen material guztia biltzen lagundu zion arotzari. Gero, arratsaldean, herrira joan zen janaria erostera.  
Iluntzean, etxera itzuli zenerako, arotzak bukatua zuen bere lana.  
Baserritarra harrituta geratu zen. Ez zegoen hesirik. Haren ordez, arotzak zubi eder bat egin zuen, errekaren gainetik baserri-etxe biak lotzen zituen zubia.  
Une hartan, auzokoa, anaia gaztea, ikusi zuen hurbiltzen. Ondora etorri zitzaionean, estu besarkatu zuen hark  anaia nagusia.

  • Zu zara izatekoa, gizon bihotz-zabala. Esan eta egin dizudan guztiaren ondoren,… eta hala ere, zubi eder hau egin duzu, biok elkartzeko.  

Eta anaia biek bakeak egiten zituzten eta berriz adiskidetzen ziren artean, arotzak bere erremintak biltzen zituen; handik joateko prest zegoen. 

  • Ez…, itxaron. Geratu gurekin beste zenbait egunez. Zenbait gauza edo proiektu ditut zuretzat – esan zion anaia nagusiak. 
  • Nahiko nuke –erantzun zuen arotzak-, baina zubi asko eraiki behar ditut oraindik.  

Badakizue Garizuman egin ditzagun zubiak, ez hesiak. 


2019(e)ko martxoaren 24(a), igandea

Keinua: BAI ala EZ dinamika


   “Baloreen barometroa” jokua erabiliz egingo dugu. Talde handian proposatutako dinamika da. Joku honetan parte hartuko dutenek zenbait baieztapenen aurrean “alde” ala “aurka” jarriko dute beren burua. “Alde” edo “aurka” jartzeko gelako alde batean zein bestean jarri beharko dira (albo bat “alde” izango da eta bestea “aurka”). Alde bat edo bestea aukeratzen dutenean arrazoiak eman ditzakete auren aldea defenditzeko edo argudiatzeko. Baieztapen bat landu aurretik talde guztia gelako erdialdean dago.

   Ondoren dituzu landuko dituzuen zenbait baieztapen:

-          Gizaki guztiok eskubide berdinak dituzte.

-          Jaiotzen garenetik mutilak urdinez jantzi egiten dira eta neskak arrosaz.

-          Etxeko zereginak (garbitu, plantxa egin, sukaldatu…) gizonen eta emakumezkoen gauzak dira.

-          Gizonezkoak zein emakumezkoak futbolan ari daitezke.

-          Gizonezkoek zein emakumezkoek ballet egin dezakete.

-          Pertsona bat iraintzea edo bere kontura barre egitea ez dira tratu txarrak.

-          Berdintasunak pertsonak zoriontsuago egiten ditu.




2019(e)ko martxoaren 17(a), igandea

BIDEOA: Kotxe bat gidatzea erabaki zuen neska-panpinak.





Gogoetarako galderak:


  •           Zer da estereotipo bat?
  •           Zein estereotipori buruz ari da bideotxoa?
  •           Emakume-gizonezkoen arteko zein estereotipo ezagutzen dituzu?

BALOREAK lantzen DBHko 1. mailan

Hona hemen DBHko 1. mailan ikasturte bukaeran burutu duten baloreen inguruko lipdap. Bikain aritu zarete. MILA ESKER!