2019(e)ko martxoaren 30(a), larunbata

IPUINA: Nirekin, zurekin, elkarrekin GARIZUMAn zehar

Bi anai elkartasunean eta harmonian bizi izan ziren urte askoan. Bakoitzak bere baserri-etxea zuen, baina bata bestearen auzoko ziren. Egun batean, gatazka serioa izan zuten, inoiz izandako arazorik larriena. Hainbeste urtean auzoko izan, tresneria konpartitu eta uztak eta ondasunak trukatu edo elkarri eman ondoren,… haserretu egin ziren. 

Gaizki-ulertu txiki batez hasi zen dena… eta handituz joan zen. Azkenean, hitz garratzak esan zizkioten elkarri… eta batak bestearekin hitz egiteari utzi zioten.  
Goiz batean norbaitek anaia nagusiaren etxeko atea jo zuen. Atea irekitakoan gizon bat ikusi zuen. Hark: 

  • Egun batzuetako lanaren bila nabil. Arotza naiz. Beharbada, zuk, zure baserri-etxe honetan, zenbait konponketa-lantxo izango dituzu. Neuk egingo nizkizuke 
  • Bai -esan zion anaia nagusiak-. Lan bat dut zuretzat. Hara, errekaren beste aldean nire auzokoa bizi da; egia esan, nire anaia gaztea da. Joan den astean belardi eder bat genuen etxe bien artean, nolabait batzen gintuena, baina berak errekaren ibilgua desbideratu du, belardia erdibitzeko eta gu eta gure etxeak errekaren alde banatan uzteko. Ni haserretzeko egin du hori, baina orain handiagoa egingo diot nik –esan zuen amorruz.  

Ikusten duzu aletegi ondoan dagoen egur-pila? –galdetu zion arotzari-. Egurrez baliatuz, metro biko altuerako hesia egitea nahi dut; ez dut anaia berriz ikusi nahi.  

Arotzak: 

  • Uste dut ulertzen dudala egoera. 

Anaia nagusiak behar zuen material guztia biltzen lagundu zion arotzari. Gero, arratsaldean, herrira joan zen janaria erostera.  
Iluntzean, etxera itzuli zenerako, arotzak bukatua zuen bere lana.  
Baserritarra harrituta geratu zen. Ez zegoen hesirik. Haren ordez, arotzak zubi eder bat egin zuen, errekaren gainetik baserri-etxe biak lotzen zituen zubia.  
Une hartan, auzokoa, anaia gaztea, ikusi zuen hurbiltzen. Ondora etorri zitzaionean, estu besarkatu zuen hark  anaia nagusia.

  • Zu zara izatekoa, gizon bihotz-zabala. Esan eta egin dizudan guztiaren ondoren,… eta hala ere, zubi eder hau egin duzu, biok elkartzeko.  

Eta anaia biek bakeak egiten zituzten eta berriz adiskidetzen ziren artean, arotzak bere erremintak biltzen zituen; handik joateko prest zegoen. 

  • Ez…, itxaron. Geratu gurekin beste zenbait egunez. Zenbait gauza edo proiektu ditut zuretzat – esan zion anaia nagusiak. 
  • Nahiko nuke –erantzun zuen arotzak-, baina zubi asko eraiki behar ditut oraindik.  

Badakizue Garizuman egin ditzagun zubiak, ez hesiak. 


2019(e)ko martxoaren 24(a), igandea

Keinua: BAI ala EZ dinamika


   “Baloreen barometroa” jokua erabiliz egingo dugu. Talde handian proposatutako dinamika da. Joku honetan parte hartuko dutenek zenbait baieztapenen aurrean “alde” ala “aurka” jarriko dute beren burua. “Alde” edo “aurka” jartzeko gelako alde batean zein bestean jarri beharko dira (albo bat “alde” izango da eta bestea “aurka”). Alde bat edo bestea aukeratzen dutenean arrazoiak eman ditzakete auren aldea defenditzeko edo argudiatzeko. Baieztapen bat landu aurretik talde guztia gelako erdialdean dago.

   Ondoren dituzu landuko dituzuen zenbait baieztapen:

-          Gizaki guztiok eskubide berdinak dituzte.

-          Jaiotzen garenetik mutilak urdinez jantzi egiten dira eta neskak arrosaz.

-          Etxeko zereginak (garbitu, plantxa egin, sukaldatu…) gizonen eta emakumezkoen gauzak dira.

-          Gizonezkoak zein emakumezkoak futbolan ari daitezke.

-          Gizonezkoek zein emakumezkoek ballet egin dezakete.

-          Pertsona bat iraintzea edo bere kontura barre egitea ez dira tratu txarrak.

-          Berdintasunak pertsonak zoriontsuago egiten ditu.




2019(e)ko martxoaren 17(a), igandea

BIDEOA: Kotxe bat gidatzea erabaki zuen neska-panpinak.





Gogoetarako galderak:


  •           Zer da estereotipo bat?
  •           Zein estereotipori buruz ari da bideotxoa?
  •           Emakume-gizonezkoen arteko zein estereotipo ezagutzen dituzu?

2019(e)ko martxoaren 10(a), igandea

Ipuina: NOEren ARKA


   Dilubioa eta gero, animaliek hainbeste denbora zeramaten Noeren arkan, dibertitzeko jokoak eta ekintzak antolatu zituztela. Hau egitean ez ziren oso fin ibili eta joko batean okilak arkaren lurrean zulo bat egin zuen. Zuloa handitu eta gero eta ur gehiago sartzen zen barrura. Banaka-banaka, bertako animaliek zuloa konpontzen saiatu ziren, inork ezin zuen ezer egin, ezta kastoreek ere ez, holako lanetan trebeak direnak. Orduan, kezkatzen hasi ziren, arka hondoratu baitzitekeen.

   Erleak hitza hartu zuen eta erleek nola elkarrekin egiten zuten lan azaldu zien guztiei: taldeka egiten zutela, bakoitzak hoberen egiten zuen hori aurrera eramaten. Animalia guztiak antolatzen eta taldeetan lanean hasi ziren: Txoriek arka jasorik goraka egiten zuten, elefanteek eta beste animalia handiek ahoak urez bete eta kanporatzen zuten itsasorantz, animalia azkarrenek beren habiak eta etxeak egiteko materialak bilatzen zituzten zuloa estaltzeko. Horrela, denek lanean ari zirela lortu zuten zuloa txikitzea, baina ez zuten guztiz estali.

   Etsituta, laguntza gehiago bilatzen hasi ziren, baina arkako guzti-guztiek beren lana zuten. Bat-batean, arrain bat sartu zen barrura eta beste animaliek zeukaten arazoaz konturatu ziren. “Ez diegu laguntzarik eskatu arrainei!!!” esan zuen erleak.  Laguntza eskatu eta arrainak eta arrainak hurbildu ziren bertara, baita bale handia ere. Baleak estali zuen zuloa arkako animaliak konponketa bukatzen zituzten bitartean. Eta horrela, animalia guztien laguntzarekin guztiak salbatu ziren.



Hausnartzeko galderak:
-      Nola lortu zuten itsasontzia konpontzea?
-      Zer gertatuko litzateke animalietakoren bat siesta botatzen egongo balitz?
-      Eskolan nola egiten duzue lan hobeto, bakarka ala taldean?
-      Zeintzuk dira taldean lan egitearen alde onak?
-      Denen artean mundua aldatu dezakegu? Nola?

2019(e)ko martxoaren 3(a), igandea

GOGOETA: Nirekin, zurekin, elkarrekin BERDINTASUNA lantzen.



   Guztiok dauzkagu esku desberdinak: batzuek eskuak oso handiak eta besteok txikiak, gainera beste koloretakoak ere badira. Batzuk herrialde desberdinetakoak garelako, baina PERTSONAK gara eta HORTAN denok BERDINAK gara.

   Neska edo mutila, adinekoa edo gaztea, beste kulturetakoak edo herrialde berekoak, beharbada pertsonen izaera desberdina izan daiteke. Baina guztiok BERDINAK gara, ELKARTUTA, lotuta, harremanetan gaudelako. Ba al dakizu zergatik martxoan BERDINTASUNAri buruz gogoeta egiten dugun? Zure ustez, gure gizartean gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunik al dago?



   ANIZTASUNA da argazkian ikusten dena, eta aniztasuna ABERASGARRIA da. Egia da gorpuzkera desberdina dugula: potoloa edo argala, beltza edo zuria, mutila edo neska. Horrek guztiak ez gaitu mugatzen, ANIZTASUNAK aberasten gaituelako. Zer gertatuko litzateke guztiok berdinak izango bagina?

   EZBERDIN, baina, hala ere BERDINAK gara. Jakinik, norberak bere ohiturak dituela eta gutako bakoitzak bere dohainak dituela. Zein da zure dohaina? Zertan zara ona? Ona al da dohain desberdinak izatea? Zergatik?

   Ez gara robotak bezalakoak (denak berdinak). Guk guztiok gure dohainak ditugu (dohain anitzak), desberdinak garelako baina, hala ere, guztiok MAITATUAK izateko desioa dugu, LAGUNAK izateko desioa dugu, FAMILIAn bizitzeko desioa dugu… eta hortan BERDINAK gara. Zein beste gauzetan gara berdinak?

   Berdin zaigu neska edo mutila, edo potoloa edo argala, edo zuria edo beltza izatea. Azkenean ERRESPETATZEN ikasi behar dugulako eta ELKARREKIN bizi behar dugulako.

   Gogora ezazu hilabete honetako gogoeta:

  Nirekin, zurekin, elkarrekin BERDINTASUNA lantzen.

BALOREAK lantzen DBHko 1. mailan

Hona hemen DBHko 1. mailan ikasturte bukaeran burutu duten baloreen inguruko lipdap. Bikain aritu zarete. MILA ESKER!