2019(e)ko martxoaren 30(a), larunbata

IPUINA: Nirekin, zurekin, elkarrekin GARIZUMAn zehar

Bi anai elkartasunean eta harmonian bizi izan ziren urte askoan. Bakoitzak bere baserri-etxea zuen, baina bata bestearen auzoko ziren. Egun batean, gatazka serioa izan zuten, inoiz izandako arazorik larriena. Hainbeste urtean auzoko izan, tresneria konpartitu eta uztak eta ondasunak trukatu edo elkarri eman ondoren,… haserretu egin ziren. 

Gaizki-ulertu txiki batez hasi zen dena… eta handituz joan zen. Azkenean, hitz garratzak esan zizkioten elkarri… eta batak bestearekin hitz egiteari utzi zioten.  
Goiz batean norbaitek anaia nagusiaren etxeko atea jo zuen. Atea irekitakoan gizon bat ikusi zuen. Hark: 

  • Egun batzuetako lanaren bila nabil. Arotza naiz. Beharbada, zuk, zure baserri-etxe honetan, zenbait konponketa-lantxo izango dituzu. Neuk egingo nizkizuke 
  • Bai -esan zion anaia nagusiak-. Lan bat dut zuretzat. Hara, errekaren beste aldean nire auzokoa bizi da; egia esan, nire anaia gaztea da. Joan den astean belardi eder bat genuen etxe bien artean, nolabait batzen gintuena, baina berak errekaren ibilgua desbideratu du, belardia erdibitzeko eta gu eta gure etxeak errekaren alde banatan uzteko. Ni haserretzeko egin du hori, baina orain handiagoa egingo diot nik –esan zuen amorruz.  

Ikusten duzu aletegi ondoan dagoen egur-pila? –galdetu zion arotzari-. Egurrez baliatuz, metro biko altuerako hesia egitea nahi dut; ez dut anaia berriz ikusi nahi.  

Arotzak: 

  • Uste dut ulertzen dudala egoera. 

Anaia nagusiak behar zuen material guztia biltzen lagundu zion arotzari. Gero, arratsaldean, herrira joan zen janaria erostera.  
Iluntzean, etxera itzuli zenerako, arotzak bukatua zuen bere lana.  
Baserritarra harrituta geratu zen. Ez zegoen hesirik. Haren ordez, arotzak zubi eder bat egin zuen, errekaren gainetik baserri-etxe biak lotzen zituen zubia.  
Une hartan, auzokoa, anaia gaztea, ikusi zuen hurbiltzen. Ondora etorri zitzaionean, estu besarkatu zuen hark  anaia nagusia.

  • Zu zara izatekoa, gizon bihotz-zabala. Esan eta egin dizudan guztiaren ondoren,… eta hala ere, zubi eder hau egin duzu, biok elkartzeko.  

Eta anaia biek bakeak egiten zituzten eta berriz adiskidetzen ziren artean, arotzak bere erremintak biltzen zituen; handik joateko prest zegoen. 

  • Ez…, itxaron. Geratu gurekin beste zenbait egunez. Zenbait gauza edo proiektu ditut zuretzat – esan zion anaia nagusiak. 
  • Nahiko nuke –erantzun zuen arotzak-, baina zubi asko eraiki behar ditut oraindik.  

Badakizue Garizuman egin ditzagun zubiak, ez hesiak. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

BALOREAK lantzen DBHko 1. mailan

Hona hemen DBHko 1. mailan ikasturte bukaeran burutu duten baloreen inguruko lipdap. Bikain aritu zarete. MILA ESKER!