Besteen zerbitzuan jar gaitezke, baina hori
egin baino lehen gure gaitasun eta dohainen jakitun izan behar dugu, besteei
zer eskain diezaiekegun jakin behar dugu eta. Zergatik? Elkar ezagutzen dugun
unean, gure akatsez eta gaitasunez ohartzen gara. Gure akatsak eta hutsak
lehendik ezagutzen baditugu, horiek konpontzen saia gaitezke edo akatsok
erabiltzen ikas dezakegu, eta gaitasun edo dohainak ahalik eta gehien garatu
eta aprobetxa daitezke. Zer gertatuko litzateke, denok gure dohainak egokiro
erabili eta gehiago garatuko bagenitu? Nolakoa izango litzake gure mundua,
denok benetan atsegin duguna egingo bagenu? Beti jakin nahi izan dut hori… eta
ziur nago gutako bakoitzak atsegin duena egingo balu, mundu perfektua, pozez
eta zorionez betea, edukiko genukeela. Baina gutxik nahi dute hori, gehienek
dirua, boterea edo gizarte-maila altua lortzea baitute helburu.
Geure burua ezagutzea garrantzitsua da. Gure
burua ezagutuz gero, geure buruarekin eta bizi garen errealitatearekin harreman
hobea edukiko genuke.
Gutariko bakoitzak eginkizun bat du
bizitzan, beste inork burutu ezin dezakeena. Alde horretatik, ordezkaezinak
gara, gaitasun, dohain eta trebetasun askoren multzoa baikara eta horrek bakar
eta paregabe egiten baikaitu. Pertsona askok bere burua ezagutzen dutela uste
dute, baina, egiaz, besteek eurez esaten dutena uste dute. Askotan besteek guk
egitea nahi dutena egin nahi dugu. Argi eduki behar dugu beti nor garen eta
nolakoak garen, benetan nahi dugun moduan jokatzeko edo jarduteko. Identitatea
edo nortasuna da besteengandik bereizten gaituena, hortaz, beharrezkoa da
nolakoak garen eta nola jokatzen dugun jakitea.
Jendeak nor garen zalantzan jartzea eragin
diezaguke. Nor garen argi eduki ezik, nola jakingo dugu zer nahi dugun? Erabaki
egoki eta zuzenak hartzeko gai izango gara orduan?
Gure balioak eta bertuteak argi eduki behar
ditugu, horiek oinarri hartuta jarduteko. Gu egiten duguna gara eta horixe
transmititzen diegu besteei. Badakit geure burua ezagutzea lan zaila dela,
batzuetan atsegin ez ditugun zenbait gauza onartu behar ditugulako, baina behin
gure burua ezagutu ondoren, lasaialdia hartzen dugu. Hainbat aldiz, gure burua
ezagutzen ez dugulako, nahi dugun hori merezi ez duten gauzetan bilatzen dugu
eta askotan min ere egin diezagukete.
Garrantzitsuena
gure buruarekin orekan bizitzea da eta, batez ere, geure burua onartzea.
GOGOETARAKO GALDERAK:
Zer egiten duzu zuk ondo? Zer
gaitasun natural duzu?
Eguneroko gauzetatik, zer egiten
duzu inolako arazorik gabe?
Zer baloratzen edo miresten dute
besteek zugandik?