2018(e)ko urriaren 7(a), igandea

Ipuina: TXORI-DENDA bitxia


Txoriale jaunak aurpegi sinpatikoa eta irribarretsua zeukan. Txori-denda baten jabe zen. Oso txori-denda berezia zen. Hegazti guztiak solte zeuden eta hara eta hona ibiltzen ziren, ihes egin gabe. Umeek izugarri gozatzen zuten haien koloreez eta kantuez.

Niko izeneko mutikoak jakin nahi zuen Txoriale jaunak nola lortzen zuen gauza harrigarri hura. Egun batean, dendaren baztertxo batean ezkutatu eta ixteko ordura arte hantxe geratu zen. Gero, isil-isilik, txori-saltzailearen atzetik, denda ostera joan zen.

Han ehunka arrautza ikusi zituen kaiola txikietan gordeta. Txoriale jauna arrautza txikiak mugitzen hasiak ziren kaiola baten ondora joan zen; arrautzok laster hautsi eta ireki ziren eta guztietatik urretxindor polit bana atera zen.

Gauza hunkigarria izan zen. Niko liluratua zegoen txorikumeei begira, baina orduan Txoriale jaunaren ahotsa entzun zuen. Haserrez eta mespretxuz hitz egiten zien jaioberriei: “Ai, txita kantari gaixoak … hegaz ere ez dakizue eta; behinik behin, zertxobait kantatuko duzue dendan”. Askotan esan zien gauza berbera. Bukatutakoan, urretxindorrak hartu eta kaiola estu eta luzanga batean sartu zituen. Han aurrerantz bakarrik mugitu zitezkeen, ez baitzegoen gehiagorako lekurik.

Tratu berbera eman zien kaiola guztietako txorikumeei, den-denei; gero, txori handiak zeuden lekura iritsi zen. Ez zen beharrezkoa txori-saltzaileak ezer esaterik. Hegaztien begirada tristean eta ibilkera dorpean argi igartzen zen txoriok txita kantari gaixoak zirela konbentzituta zeudela. Nikok negar egin zuen orduan, txori-dendara zenbat aldiz joan zen eta bertan zenbat gozatu zuen gogoratzean. Hantxe geratu zen, ezkutuan, Txoriale jauna joan arte.


Gau horretan Nikok etengabean animatu zituen txoriak: “Hegalari handiak zarete, hegaztiak baitzarete, hegazti bikainak” esaten zien behin eta berriz, baina begirada tristeak eta etsiak baino ez zituen jaso… eta noizbait kantu eder bat.

Niko ez zen adoregabetu eta gau askotan ezkutatu zen txori-dendan, txori gaixo haien adorea suspertzeko. Hitz egiten zien, txistu, kantu,… eta hegaztien marrazkiak eta liburuak erakusten zizkien, txoriak hegaz ikus zitzaten. “Animo, lagunok, ziur ahal duzuela! Inoiz ez zarete txita kantari gaixoak izan” esaten zien gero.

Azkenik, lamina haiei begiratuta, kanario txiki bat txita ez zela konbentzitu zen eta, hiru-lau aldiz saiatu ondoren, hegaz egiten hasi zen. Gau hartan ehunka txori animatu ziren lehenengoz hegaz egitera… eta biharamunean txori-denda lumaz eta kantu alaiz beteriko kaos alaia bihurtua zegoen; hori bai, oso denbora gutxi iraun zuen, txoriek, handik irtenda, alde egin arte soilik.

Geroztik aurrera, askotan ikusten zen Niko txoriz inguratuta; hegodun laguntxoek laster joaten zitzaizkion animatzera, mutikoa triste edo atsekabetuta sentitzen zenean.

GALDERAK

·         Zer izan da zuretzat deigarriena ipuinetik?

·         Garrantzitsua da gure buruan konfiantza izatea? Zergatik?

·         Zer gauzak egin daitezke gure buruan konfiantza izateko? 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

BALOREAK lantzen DBHko 1. mailan

Hona hemen DBHko 1. mailan ikasturte bukaeran burutu duten baloreen inguruko lipdap. Bikain aritu zarete. MILA ESKER!