Egun
batean ezkerreko eskuak esan zion eskuinekoari: “Hara, gu egun osoan lanean ari gara eta urdailak ez du ezertxo
egiten”.
Hankek,
hori entzun ondoren, esan zuten: “Arrazoia
duzu, gu ere nekatuta gaude. Hara eta hona ibiltzen gara, urdailarentzat jateko
bila, eta urdailak, berak, jan baino ez du egiten.
Eskuineko
eskuak oihu: “Ez diogu jaten emango, ea
nola konpontzen den”.
Orduan,
urdailak hitz egin zuen: “Lagunok, oker
zabiltzate. Gure zeregin edo eginkizunak desberdinak dira, bakoitzak berea du,
baina denok elkarren beharrean gaude”.
Besoek
oihuz erantzun zioten: “Zaude isilik!
Alferren kontuak dira horiek. Aurrerantzean ez duzu ezer jango, ezer ez!
Horrela,
jan gabe, zenbait egun igaro ziren.
“Altxatzeko indarrik ere ez daukat”, esan zion egun
batean beso batek besteari.
“Ezta nik ere. Makal-makal nago”, erantzun zion
besteak
Hankak
ere kexatu ziren: “Guk ezin dugu zirkinik
egin”.
Eta
gorputz-atal guztiek antzeko gauzak esan zituzten. Denak ahul zeuden.
Orduan
urdailak hitz egin zuen: “Ni ere oso
larri nago. Jaten ematen badidazue, lanean hasiko naiz berriro… eta denok
indarberritu, sendatu eta hobeto sentituko gara”.
“Tira, proba dezagun”, esan
zuen eskuineko eskuak.
Hankek,
nekez, gorputza mahaira eraman zuten. Beso eta eskuek jatekoa ahoan sartu
zioten, … eta handik denbora gutxira eskuek esan zuten:
“Hara, hobeto gaude orain”.
Banan-banan
gorputz-atal guztiek gauza bera esan zuten. Orduan ulertu zuten denek elkarri
lagundu behar ziotela osasuntsu eta ondo egoteko.
Ez ahaztu: denok gara garrantzitsuak, denok egin
dezakegu zerbait gizartearen onerako, denon onerako.
GALDERAK
·
Zer izan da zuretzat deigarriena ipuin honetan?
·
Noiz berreskuratzen du berriz gorputzak osasuna?
·
Zer bururatzen zaizu gizartea hobetzeko egin behar
duguna?